XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5. ATALA: AULKI MUGIKORREKO ARRAUNKETA: OUTRIGGER-A

Aulki finkoko arraunketa-erarekin erkatuz, aulki mugikorraren bi osagai dira ezberdintzen dituztenak.

Alde batetik, modalitatearen izenak berak adierazten duen bezala, arraunlariaren eserlekua mugikorra izatea da ezaugarri nagusia.

Bestetik, arraunaren euskarria (finkoan toleta) kareletik kanpo dagoela, eta horra hor jatorrizko ingelesezko izena: outrigger.

MIERA argazkia

Modalitate honetako untzietan, aipatutako ezaugarriak direla eta (arraun-lanean palanka handiagoa, eta hanken erabilpena) indar handiagoa egin daiteke eta, ondorioz, beren abiadura ere handiagoa da.

Hala eta guztiz ere, ez dira outrigger-eko hauek Euskal Herrian ezagutzen diren aulki mugikorra duten untzi bakarrak.

Iola izenekoak ere horrelako ezaugarririk badu, arraunaren euskarria karelean bertan dagoen toleta bada ere.

Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan jokatu ziren aulki mugikorreko lehenengo txapelketak ioletakoak izan ziren, 1902. urtean.

Scull eta arraun banako untziak

Arraunketaren modalitate olinpikoan bi motatako untziak daude: scull erakoak, arraunlari bakoitzak bi arraun dituela; eta arraun banakoak, arraun bana erabiliz.

Guztira zortzi untzi dira ofizialki FISA-k antolatutako estropadetan.

Hasiera batean, berriz, esate baterako aurreneko Joku Olinpiko modernoetan, Atenasen 1896.ean, programaren barruan lau baino ez ziren agertzen: skiffa, lemazaindun bikoa, laukoa eta zortzikoa.

Aurrerantzean, pixkanaka ordena honetan scull bikoitza, lemazain gabeko bikoa, lemazain gabeko laukoa, eta, azkenik, Montreal-76an scull laukoitza onartu ziren, gaur egungo egitarau olinpikoa osatuz.